Destacados



2018/06/14

euskaraldia_nafarroaNafarroako hamaikakoa erreferentzialak diren eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatutako talde anitza da: genero, adin eta alor desberdinetakoa. Euskaraldiko hurrengo mugarria, norbanakoen izen-ematea, udazkenean zabalduko da.

Iruñean aurkeztu dute gaur Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren Nafarroako hamaikakoa. Goizeanbildu dira hiriburuko NAPI eraikinean hamaikakoaren kideak: Oier Sanjurjo, futbolaria; Julian Iantzi, aurkezlea; Edorta Salvador, okina eta sukaldaria; Zuriñe Hidalgo, abeslaria eta aurkezlea; Nerea Egozkue, modeloa; Nerea Fillat, Katakrak-eko kidea; Mikele Grande, Uharteko gaztea; Mikel Idoate, enpresaria; Pello Yaben, enpresari aholkularia; Juan KruzLakasta, kazetaria; eta Saioa Jaurena, errugbi jokalaria. Haiek osatzen dute hamaikakoa, eta honen funtzioa, dinamikaren erreferentzia izatea da.

Haiekin batera, ekimenaren Koordinazio Orokorreko ordezkariak ere izan dira: Oskar Zapata, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea Nafarroan; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; eta Mikel Arregi, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rolen bitartez. Hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei, gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Zer esan nahi du hamaikakoan ahobizi edo belarriprest  izateak?

Euskaraldia ariketa soziala da, ez da euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Beraz, parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea bi modutara egin ahalko delarik:

ahobizi_borobilaAhobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz).

belarriprest_borobilaBelarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun ahalko die. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak ere izan daitezke.

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean. Rolak ez daude hizkuntza gaitasunarekin zuzenean lotuta.

Hurrengo datak Euskaraldiaren agendan

  • Prestatzaileen formakuntza. Burlatan izango da hurrengo saioa, larunbatean, ekainak 16, goizez.Eta Bilbon ekainaren 20an bilduko dira, arratsaldez.
  • Euskaraldiko kantua aurkeztuko da uztailaren hasieran.
  • Norbanakoen izen-ematea irailaren 20tik aurrera.

Nafarroako hamaikakoaren profila:

Oier Sanjurjo: Lizarra. Osasunako futbol jokalaria da Sanjurjo. 2008an egin zuen debuta lehen mailan. Ordutik hona jokatzen du Osasuna taldean.

Julian Iantzi: Lesaka. Telebista aurkezlea da Iantzi. Ezaguna egin zen Basetxea edo Sorginen Laratza moduko saioekin. Azken urteetan El conquistador del fin del mundo telebista saioa aurkezten du ETB2n.

Edorta Salvador: Iruñea. Okina eta sukaldaria. Pan Baker akademiaren sortzailea da, ogia egiteko ikastaroak eta berrikuntza jorratzen ditu. Basque CulinaryCenterreko irakaslea da.

Zuriñe Hidalgo: Zizur Nagusia. Abeslaria eta aurkezlea. Hesian taldeko abeslaria da, eta gaur egun ETBko hainbat saio aurkezten ditu, 3txulo edo Bagoaz, kasuko.

Nerea Egozkue: Iruñea. Modeloa. Miss World Navarra 2017an

Nerea Fillat: Iruñea. Katakrak proiektuko kidea. Aktibista.

Mikele Grande: Uharte. Chrysallis elkarteko kidea da Grande. Aurten txupinazoa botatzeko hautagaia da elkartearekin batera.

Mikel Idoate: Iruñea. 2016a arte pilotaria izan zen Idoate. Erretiroa hartu ostean enpresa munduan murgildu zen; abokatua ere bada.

Pello Yaben: Iruñea. Enpresa aholkularia. “El ocaso de la gestion de RRHH” liburuaren egilea. Pello YabenDevelopingOrganizations aholkularitza enpresaren sortzailea da Yaben.

Juan Kruz Lakasta: Iruñea. Kazetaria. Eguzki irratian hasi zen lanean 17 urte zituela. Ondoren, Euskaldunon Egunkarian aritu zen, eta egun, Euskalerria irratian aritzen da. Irratiaz gain telebistan ere aritu da iritzi emaile, gidoigile eta kolaboratzaile lanetan.

Saioa Jaurena: Elizondo. Errugbi jokalaria. Getxo taldean jokatzen du Jaurenak nesken ohorezko mailan.