Noticias



Gaur argitaratu da Tafallan aurtengo udan eginen diren jardueren kartela. Hainbat ekitaldi izango dira egitarauan, estilo anitzeko musika, antzerkia edo ikus-entzunezko emanaldiak, hain zuzen.

Tafallako Udalean gaur egin den prentsaurrekoan azaldu denez, helburua aisialdi seguruko eskaintza sortzea izan da, publiko eta gustu guztietarako egokia dena. Jacinto Goñi (Jaietako Alorreko arduraduna), Xabier Alkuaz (Gazteria Alorra), Ignacio Moros eta Leonor Zabalza zinegotziak egon dira bertan.

Programazioa bihar hasiko da, osteguna, Los Lucians, La Última Calada eta Galtzagorriak taldeen kontzertuarekin, hirurak diska berria aurkezten.

Programazioan nabarmentzekoa da Ashley Campbell abeslari estatubatuar ospetsuaren emanaldia. Country musikaren errebelazio gaztea da, ahots zoragarria, bi lan luze eta abesti ezagunen konposizio eta moldaketa hunkigarriak dituena, Nacha Pop-en “La Chica de Ayer” kantaren bertsioa eta guzti.

Euskal panoraman ezagunak diren taldeez ere gozatu ahal izango da: Sonakay flamenko-banda, Skabidean ska-reggae talde iruindarra edo Larru Beltzak talde oñatiar sortu berria esaterako.

Ez dira faltako Erdialdeko artisten emanaldiak, hala nola Mielotxin, “Ordago” lana aurkezten duena, edo Chichin Ibañez, “El charro navarro”, berrogei kanta baino gehiago dituen CD bikoitza atera duena. Gainera, Fito & Fitipaldis taldearen tributo talde bat ere izango da.

Jarduerak Kondearen parkean eta Tafalla Kulturgunean eginen dira eta sarrerak Udalaren web orriaren bidez erosi edo erreserbatu daitezke.