HERRIKO JAIAK
Fiestas
Abuztuaren 14tik 20ra bitartean ospatzen dira. Abuztuaren 15ean Jasokundeko Andra Maria da eta 16an San Sebastian; biak ala biak hiriko Zaindariak dira.
Tafallako Hiriak, lehen hiribildua, bere jaiak jadanik ospatzen zituen Cristo aurreko urteetan. Gero San Sebastian martiri erromatarraren opari, oroigarri eta ohore bihurtu ziren.
San Sebastianek Erdi Aroan bazuen bere baseliza-basilika, Hiribildutik kanpo, baina urtarrileko sainduaren jai liturgikoa zenez, tafallarrek zailago zuten bere “joku, otordu eta barre” algarak ospatzea eta laster, zegozkien baimen guztiekin, abuztuaren erdi aldera aldatu ziren jaiak.
“Zezenak korritzea”, “hesiak paratzea”, “antzerkirako eszenatokiak jartzea” eta musika, otorduak eta dantzak ohiko bihurtu nahi izatea erakargarria zen, oso bizia XV. mendeko azken urteetan eta askoz indartsuagoa XVI. mendean.
Laster herriko zaindari bezala gehitu zitzaion Jasokundeko Ama, Tafallako eliza nagusiko titularra izateagatik. Eta horrela, poliki-poliki herriko jaien ohiko eskema finkatu zen: abuztuaren 14tik 20ra. Bertan korporazioak, dantzariak, erraldoiak, gaitariak, txistulariak, kilikiak eta zibilak parte hartzen dute ekitaldi erlijiosoetan. Abuztuaren 14ko arratsaldean berezia izaten da Salbeko igoera. Santa Maria Elizan, herriko jendez eta bisitariz mukuru, Salbe zoragarria abesten da.
Goizeko zortzietan, dianak eta gero, toreaketa-zezenen entzierroak oso biziak izaten dira. Jaietako goizek, kolorez eta alaitasunez beteak, Erraldoiekin, jotarien errondailekin kalez kale joateko gogoa pizten dute edota bildots-sahietsak, ogi-mamiak, kaldereteak hamaiketako moduan konpartitzera animatzen dute.
Musika ugari kale eta leku publikoetan, kale animazioa gazte koadrilekin, Peñekin, denek girotzen dute Hiria eta abuztuko aste honetan xarma berezia ematen diote.
Jai egitaraua zezenketekin eta zekorketekin, haur antzerkiarekin, herri kirolekin, dantzaldiekin, zinemarekin eta gazteentzako kontzertuekin osatzen da.