Ayuntamiento de Tafalla/Tafallako Udala

2018ko urtarrilak 26

Bihar Fabako erregea koroatuko dute Tafallan

Foto noticia

2018/01/26

Cartel rey de la fabaBihar Fabako erregearen koroatze-zeremonia ospatuko dute Tafallan.

Duela berrogeita hamar urte baino gehiago Iruñeko Muthiko Alaiak elkarteak urtero antolatzen duen ospakizunen barrenean, Tafallako Ruth Sustacha Taboada neskatila Fabako errege aldarrikatuko dute datorren larunbatean.

Zeremonia, Nafarroako erregeen koroatze-errituaren araberakoa, arratsaldeko seietan egingo da Santa Maria elizan.

Festa, ordea, eguerdiko hamabietan hasiko da herriko karriketan. Ordu horretan, pregoia egingo dute, eta, gero, herriko karrika eta plazetan errepikatuko dute, han eta hemen, honako talde hauek parte hartuko duten kalejirari jarraikiz: Muthiko Alaiak elkartearen Erdi Aroko dantza eta musika taldea, Erdi Aroko Danserie musika taldea, Orden de la Jarra elkarteko zaldunak, Nafarroako Hegazti Harraparien Elkartea, Aldamara gaiteroak, Tafallako Zanpantzarra, El Aguazón peña eta Ikastolako Erraldoiak. Segizioa El Aguazón peñaren egoitzatik abiatuko da, García Goyena kaletik, eta Kale nagusia, Azokako plaza eta Nafarroa plaza zeharkatu ondoren, Arkakusoen plazatxoan bukatuko da.

Arratsaldeko 17:30ean, koroatze-zeremoniaren parte-hartzaileek Tafallako Kulturgunetik Santa Maria elizaraino desfilatuko dute, herriko karriketan barna: aurre-aurrean, Armen Erregea joango da, heraldoekin eta argi-zuzi eramaileekin, eta haien atzetik joango dira ezkutariak, dantzariak eta musikariak, zaldunak eta damak, garai hartako arropez jantziak. Atzetik, herrietako eta hiribilduetako ordezkariak, aitoren seme-alabak eta kleroa; Nafarroako Gorteetako hiru besoak.

Vianako printzeak eta Nafarroako Blanca andreak babes emango diote Fabako errege izango denari, eta haien aurretik morroiak joango dira, errege-ikurrekin: koroa, kapa, aginte-makila, eta Iruñeko apezpikuaren alba, Fabako erregea olio santuekin igurtzeko; eta, segizioari bukaera emanez, Nafarroako erregea. Gortesauak, soldaduak, bufoiak eta heraldoak Erregearekin batera joango dira eta haren ezkutua eramango dute.

Fabako erregearen koroatze-zeremonia Santa Maria elizan egingo da 18:00etan, eta Nafarroako erresumaren koroatze-errituaren beraren arabera, erregeak berak jarriko du koroa bere buruaren gainean, Foruak eta herriaren askatasunak mantenduko eta defendatuko dituela zin egin eta gero, apezpikuak hala eskatuta. Tafallako Abesbatzak eta Tubala Uxoa Abesbatzak kantatuko dute, Miguel de Arróspide Ensemble de Chirimias taldeko musikariek lagunduta.

“Rey, nuestro natural Seinor; conviene, antes que lleguéis al sacramento de la sacra unción, facer juramento a vuestro Pueblo, como lo ficieron vuestros predecesores, los Reyes de Navarra, e ansí mismo, el dicto pueblo jurará a Vos, lo que a los dictos, vuestros predecesores, juró”

Zeremoniari amaiera emateko, erregea ezkutuaren gainean altxatuko dute, eta ohorezko aurreskua dantzatuko diote. Baina ospakizuna ez da hor amaituko: Muthiko Alaiak elkarteko dantzariek kaleetatik zehar jarraituko dute, eta gero, “Erdi Aroko” afaria egingo da.

Ignacio Baleztena jaunak berreskuratu zuen Fabako erregearen jaialdia pasa den mendeko hogeigarren hamarkadan gutxi gorabehera, eta lagunartean ospatu zuten 1964ra arte, Muthiko Alaiak elkarteak Nafarroako herrietatik modu ibiltarian eramatea erabaki zuen arte, tradizio zahar eta interesgarri hau ezagutzera emateko helburuarekin. Harrezkero, berrogeita hamar errege baino gehiago koroatu dituzte Nafarroa osoan. Ruth Sustacha Taboada tafallarra izango da dinastia luze eta zahar honi jarraipena emango diona.

6Fabako erregearen jaialdia bizirik dagoen dokumentu historiko bat da, eta bertan, Nafarroako Erregeen koroatzea zehaztasun osoz irudikatzen dute, gordeta dauden agiriei jarraiki. Errituala koroatze batetik bestera asko aldatzen ez bada ere, Karlos III.a Noblearen koroatze-zeremonia jarraitzen da bereziki, José Yanguas y Miranda jaunaren  Nafarroako Erresumaren Antzinatasunen Hiztegian luze aipatzen dena.

Ekitaldi horretan, halaber, Nafarroako Errege Gordearen ohitura bat antzezten dute; horren arabera, Errege egunean haur behartsuen talde bat biltzen zuten erregeak zeuden tokian, Erriberriko Alkazarrean normalean, baina baita beste toki batzuetan ere, eta zegokion pastel-zatian baba aurkitzen zuena hautatu egiten zuten. Zori oneko haur hori jantzi aberatsekin janzten zuten, koroatu eta ezkutuaren gainean altxatu, Nafarroako Erregeen koroatze-erritualaren arabera, eta erregeek burek losintxatzen zuten. Antza denez, erromatarren saturnaletatik datorren ohitura hau Teobaldoen dinastiak sartu zuen Nafarroan, eta errege legitimoak handik bota eta Nafarroaren independentzia ekarri zuen inbasiora arte mantendu zuten.

Horrek hirugarren ezaugarrira garamatza, hots, Nafarroako nortasunaren aldarrikapenera eta oroitzapenera. Izan ere, ezagutzaren bidez bakarrik manten daiteke nortasuna. Talde-nortasunak ahul daitezke, eta desagertu ere bai, mantentzen eta ezagutzera ematen ez badira. Historiak nortasun juridikoa zeukan Nafarroaz hitz egiten digu, Europako erresumen artean ezaguna zena. Horrek guztiak harrotasunez betetzen gaitu, baina baita malenkoniaz ere, eta, horregatik, nortasun hori mantentzeko lan egitera animatzen gaitu.

¿Deseas recibir notificaciones si hay cambios en esta noticia?

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Youtube
Volver arriba
Cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean zure nabigazio-esperientzia hobetzeko, eduki pertsonalizatuak erakusteko eta gure webgunearen trafikoa aztertzeko.
Cambiar mi consentimiento