
Udako ordutegia Tafallako kirol instalazioetan
Kultura Zuzendaritza Nagusiak Baluarte Fundazioaren lankidetzaz antolatzen duen Erriberriko Antzerki Jaialdiaren XX. edizioa ostiral honetan, uztailak 19, hasi eta abuztuaren 3ra arte luzatuko da, musika eta dantza ere tarteko izanen dituen programazio zabalago batez. Aurten, berritasun gisa, autore garaikideak programatuko ditu klasikoekin batera, baita nazioarteko konpainien proposamenak ere, Europakoak (Frantziako La Comédie de Caen) zein Latinoamerikakoak (Mexikoko EFE TRES teatro).
Aurtengo edizioa Lorcaren bitartez hurbilduko da 27ko Belaunaldiaren antzerki poetikara, eta Jon Maya koreografoa izanen da zuzendari gonbidatua –haren zuzendaritzapeko Kukai Dantza konpainiak bi ikuskizun aurkeztuko ditu– eta Portugal herrialde gonbidatua (Companhia do Chapitô konpainiak “Electra” ikuskizuna taularatu eta plazak dagoeneko agortuak dituen tailerra emanen du, eta Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskolak Arte Dramatikoko Eskolen Topaketan parte hartuko du).
Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Dori López Juríok eta Erriberriko Antzerki Jaialdiko zuzendari artistiko Luis Jiménezek aurkeztu dute gaur goizean ekitaldiaren hasiera Erriberriko Errege Jauregian. Haiekin batera agertu dira edizio honetan parte hartuko duten nafar konpainia guztien ordezkariak: Atikus Teatro, Boga-Boga eta Iluna Producciones, antzerki poetiken ziklokoak; Amico Teatro, laborategi-egoitzakoa; La Nave Teatro, Erriberriko Kultura Etxean programatutakoa; eta La Cavan programatutako Producciones Maestras eta R. M. Management taldeak.
Lehendabiziko asteburuko programazioa
Lehendabiziko asteburuan, Erriberriko Antzerki Jaialdiak tragedia klasikoari dagozkion proposamenak eskainiko ditu: egungo ikuspegira egokitutako “Antígona” eta “Rey Lear” ikuskizunen bertsioak. Halaber, bi dantza ikuskizun ere programatuko ditu: “Erritu”, Kukai taldearena, eta Sara Canoren “Vengo” lanaren erabateko estreinaldia. Nafarroako antzerkia ere ordezkatuta egonen da antzerki poetiken zikloan parte hartuko duten konpainien bitartez eta Lorcaren haur kantuetan eta poemetan oinarritutako familia guztiarendako antzezlana taularatuko da.
Ostiraleko programazioa 19:30etan abiatuko da Errege Jauregian, Ángel Sagüés Irigoyen zuzendari duen “Tres mujeres de Lorca” antzezlanarekin, Ane Sagüés Abad, Itsaso Echeverría Monreal eta Ainara Ariza Delgado antzezleen eskutik. 20:30etatik aurrera, Santa Mariako Atarian, “Paso(s) de la política española” muntaia jarriko du ikusgai Iluna Producciones taldeak, Miguel Goikoetxandiak idatzi eta zuzenduta eta David Larrea, Ana Berrade eta Miguel Goikoetxandia antzezleak tarteko direla. Eta La Ferroviaria konpainia arduratuko da La Cavako teloia igotzeaz, 22:00etan, Paco Maciàk egokitu eta zuzendutako “Antígona” tragediaren bertsio baten bidez, Eloísa Azorín, Enric Juezas, Morgan Blasco, María Muñoz, Marino Muñoz, Claudia Garón eta Clara Crespo antzezleak oholtza gainean direla.
Jaialdiaren bigarren eguna larunbata izanen da, uztailak 20, eta hiru agertokitan banatuta garatuko da. Horrela, Erriberriko Kultura Etxean, 20:00etatik aurrera, “Lorca niño. Los poemas infantiles de Federico García Lorca” antzezlana taularatuko du La Nave Teatro nafar konpainiak. Familia guztiarendako proposamen hau Marta Juániz eta Miguel Munárriz antzezleen gorpuztu dute, aipatutako azkenaren zuzendaritzapean, eta jolasaz, musikaz eta txotxongiloez baliatuta, Lorcaren haur poesiara hurbiltzera gonbidatzen du.
Bestetik, Errege Jauregian, 21:00etan, “Erritu” izanen da ikusgai, Kukai Dantza konpainiak Erriberrin taularatuko dituen bi muntaietako lehena, izan ere, abuztuaren 3an, “Gelajauziak” antzeztuko du Erriberriko Karlos III.a Plazan, aurtengo edizioari bukaera emateko.
Gainera, Atalaya taldeak “Rey Lear” aurkeztuko du 22:30etan La Cavan, William Shakespeareren tragedian oinarrituta baina Ricardo Iniestaren bertsioari jarraiki eta Carmen Gallardo, Joaquín Galán, María Sanz, Raúl Vera, Elena Aliaga, Silvia Garzón, Lidia Mauduit, José Ángel Moreno eta Javi Domínguez antzezleak tarteko dituela.
Eta igandean, hilak 21, funtzio berriak programatu dira antzerki poetiken zikloaren barnean: “Tres mujeres de Lorca”, Atikus Teatro taldearena, 19:30etan, Errege Jauregian; “Descubriendo a Hamlet”, Boga-boga taldearena, Adriana Salvo eta Daniel Granda antzezleak tarteko, 20:15ean, Errege Jauregian; eta “Paso(s) de la política española”, Iluna taldearena, 20:30etan, Santa Mariako Atarian.
Azkenik, La Cavan, 22:00etan, Sara Canoren Dantza Konpainiaren “Vengo” ikuskizunaren mundu mailako estreinaldia eginen da, Salamancako dantzak Andaluziako folklorearekin, Galiziako muñeirekin, euskal dantzekin edo Aragoiko jotarekin uztartuz.
Halaber, ostiraletik aurrera, Erriberriko Kultura Etxean finkatuko da Amico Teatro nafar konpainiak “Amico’s Planet” proiektua abian jartzeko abuztuaren 3ra arte garatuko duen lan-egoitza. Horretarako, Txori García Uriz eta Ion Barbarin tarteko dituen taldeak Mercedes Castañoren zuzendaritzapean jardungo du, Jon Maya koreografoaren, Dora Salazar eskultorearen, Rakel Arbeloa perkusionistaren eta David Bernués argiztapen-diseinatzailearen lankidetzaz.
Beste agertoki eta proposamen batzuk
Jaialdiari jarraipena emanez, datorren astean, Tafallan, astearteaz (uztailak 23) geroztik, gonbidaturiko Arte Dramatikoko Eskolen Topaketa eginen da, eta 20:00etatik aurrera, beraien ikasturte bukaerako ikuskizunak estreinatuko dituzte Tafalla Kulturgunean. Egun horretan, Nafarroako Antzerki Eskolak Rubén Hernández egile eta zuzendari duen “Gracias a la vida” ikuskizuna taularatuko du.
Asteazkenean, hilak 24, lESADCYL-Gaztela eta Leongo Arte Dramatikoko Goi Eskolak “Las bodas de Olmedo” aurkeztuko du, eta ostegunean, hilak 25, Lisboako Antzerki eta Zinemako Goi Eskolak William Shakespeareren “Mucho ruido y pocas nueces” antzeztuko du.
Erriberrin, Karpako agertoki berrian, Fernando Renjifo zuzendari duen “La noche justo antes de los bosques de B. M. Koltes” taularatuko da asteartean, hilak 23, 22:00etatik aurrera; eta asteazkenean, hilak 25, nafar konpainien bi proposamen aurkeztuko dira La Cava agertokian: “Loco desatino”, Producciones Maestras taldearena, Ana Maestrojuanek idatzi eta zuzendutakoa; eta “Margaritas de Margarita. Mujer y Renacimiento”, R. M. Management taldearena, Jesus Arbuesek idatzi eta zuzendutakoa.
Noiz: Uztailak 15etik 18ra Izen emateak: ekainaren 30era arte Dindaia.eus webguneko Euskaraz Kilika aurrez aurre atalean. Non: Tafalla (Ludoteka) Adina: 10-12 urt...
Ekainaren 16tik 30era "100 urteko pasioa urdinez eta beltzez" erakusketa izango da ikusgai Kulturgunean, Peña Sporten mendeurrena dela eta. Bertan, argazkiak, kamisetak, gara...