Ayuntamiento de Tafalla/Tafallako Udala

2018ko urriak 29

Hotza eta zirimiriaren gainetik, Feriak aurrera atera ziren

Foto noticia

Ez dira gutxi izan egun hauetan zehar gure herrira hurbildu diren pertsonak, hala ere, argi dago eguraldia gure alde egon izan balitz, bisitari gehiago izango genituela.

Feriak ostiralean hasi ziren, Ricardo Abad tafallarrak Kulturgunean aurkeztu zuen “El camino de Adano” dokumentalarekin eta Merkatu Enparantzako sotoan ospatu zen Artisau-garagardo dastaketarekin. Jende asko dastaketa honetatik kanpo geratu zen, 40 lekuko edukiera bete zelako, azken urtetan Feriak irekitzen dituen jarduera honen arrakasta argi utziz. Parte hartzaileek Mendabiako Kondaira garagardoaren 6 aldaera dastatu ahal izan zituzten, izenari erreferentzia eginez, bakoitza kondaira batekin lagunduta.

Tafallarrek alde zaharrean sortu zen giroaz gozatu ahal izan zuten, besteak beste, La Pseudobanda taldeak Arkakusoen Enparantzan eskaini zuen emanaldiarekin.

Larunbat goizean, Txistularien dianen ostean, Eskulangintza Azoka ireki zen 34 posturekin. Asteburu osoan zehar elikagaiak, arropa, musika istrumentuak, sukalderako tresnak, bitxiak, jostailuak, xaboiak, kremak, etab. saldu ziren hemen.

Tafallar askok ohitura bezala hartu dute ferietan zehar Nafarroako Enparantzako postuetan saltzen diren produktuak erostea eta dastatzea. Ez ziren falta izan gure herkideek horren gustoko dituzten eztia, gozokiak, pastelak, ardoa, taloak, espeziak, sagardoa, gazta… ezta arropa, poltsak, diruzorroak, belarritakoak edo ehun artisauak ere.

Erraldoi eta Buruhandien konpartsak goiza girotu zuen, eta hauek atera ostean auzo arteko Herri Kirolak ospatu ziren Panueva, Peña eta Baratasen parte hartzearekin. Hirigoien auzoko ordezkariak izan ziren beste behin ere txapelketa jator honetako txapeldunak. Neska eta mutilez osatutako auzo-taldeak lokotxekin, txingekin, zaku lasterketan, eskorga lasterketan eta sokatiran aritu ziren, gerturatutako ikusleengan algara eta ikusmira sortuz.

Arratsaldean lanbide erakustaldiak eta tailer partehartzaileak egon ziren Nafarroako Plazan, baita ginkanak, herri kirolak eta haurrentzako tailerrak Ibaialde Scout Taldearen eskutik Apezetxeko Larrainean. Ez zen falta izan “Flamarique Arrebak” eta “Rondalla Tafallesa” taldeen jota emanaldia.

Igande goizean zaldi azoka ospatu zen. Bertan 57 animali sartu ziren eta 44 saldu: 28 Nafarroara, 10 Gipuzkoa eta Bizkaiara, 2 Errioxara eta 4 Aragoira.

11:00etan otsaileko Ferietan zozketatuko den animalia eman zioten Ospitale Sainduari Zeri Zerutarraren kofradiako Kideek. Segidan, Nafarroako Enparantzan Tafallako alde zaharreko bisita gidatua hasi zen, baita lanbide erakustaldiak eta tailer partehartzaileak. Azken hauek Merkatu Enparantzan egin behar izan ziren goiza astintzen zuen haize bortitza zela eta.

Beste urte batez Laia lasterketa ospatu zen Severino Fernandez Etorbidean. Bertan Biurrun, Gares eta Artaxoatik etorritako 20 laialari inguruk parte hartu zuten. Haien herrietan ibilbide luzea daraman kolektibo honek gure lurraren nekazaritzaren ikono bihurtu den erraminta hau omendu nahi du. Erraminta hau lurra landu eta irabiatzeko baliatzen zen baina nekazariek haien arteko lasterketa eta lehiak egiteko erabiltzen hasi ziren.

La Tafallesa Musika Bandaren eta Malatxo Txarangaren emanaldiek itxi zuten urriko Ferien egitaraua. Argi geratu zaigu tafallarroi datorkigun eguraldi hotzari aurre egin ahal izango diogula, despentsa produktu artisauez beterik dugun bitartean.

IRUDI BILDUMA

¿Deseas recibir notificaciones si hay cambios en esta noticia?

NOTICIAS RELACIONADAS

Facebook
Twitter
Youtube
Volver arriba
Cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean zure nabigazio-esperientzia hobetzeko, eduki pertsonalizatuak erakusteko eta gure webgunearen trafikoa aztertzeko.
Cambiar mi consentimiento