2018/02/18
Beste urte batez, Zidakos Hiria kolorez eta jendez bete da bere ihauteriak ospatzeko. Aurtengo edizioaren gai nagusia “Zinema” izan da.
Ospakizunak ostiral goizean hasi ziren, Tafallako hiru eskolen kalejirekin. Marqués de la Real Defensa Eskola Publikoko ikasleek desfile berezi bat burutu zuten, Tafallako talde kultural eta enblematikoak irudikatu zituena: dantzariak, festetako Peñak edo Tren Geltokia adibidez. Escuelas Pías zentroko ikasleek haiek egindako mozorro koloretsuen alarde egin zuten Calatayud pasealekutik eta Ereta Frontoian ondoren. Tafallako Ikastolak ordea, bere kalejira famatua egin zuen herriko kaleetan zehar, Lagunero, erraldoi, gaitero eta fanfarreaz lagunduta. Aurten Berako inauterietan oinarritu ziren mozorratzeko orduan.
Arratsaldean, Kimuak Gazte Elkarteak Laguneroren ehiza antolatu zuen. Panpin moduan ateratzen den pertsonai honek Lagunero Guijarro Koronel liberala irudikatzen du, karlisten aurkako “gaba lagunera” ilun horren erantzule nagusia izateagatik tafallarrek begi txarrez gogoratzen dutena. Ohikoa den bezala, Lau Izkinen kalean zintzilikatu zuten gaiten abestien erritmora eta bertan pasa zituen inauteriak atzoko egunera arte.
Larunbatean txikienentzako animazioa egon zen Merkatu Enparantzako beheko solairuan eta herrian zehar Malatxo Txaranga eta Tafallako Erraldoiak ibili ziren. Arkakusoen Plazatxoan ere “La Cuerda Floja” bertako taldeak jo zuen, giro paregabearekin euskarazko eta erdarazko abestiak kantatuz. Mozorroek, errondek eta giro gazteak gaua alaitu zuten, eta askok igande goizerarte luzatu zuten gaua.
Desfilerako eguzkia atera zen eta tafallarrak kalera atera ziren berarekin ihauterien egun handia ospatzeko. Legionarioak, Adams familia, Domino piezak, mota guztietako animaliak, indiarrak, eta ehundaka mozorro ezberdinek kalejira alai eta ero bat osatu zuten, herrian zehar ibili zena eguerdirarte. Arratsaldean umeentzako dantzaldi bat egon zen Kube aretoan eta trikitixa eta txarangek herria alaitu zuten gauerarte.
Atzo arratsaldean herkide ugari hurbildu zen Laguneroren erreketa ikustera. Lau Izkinetatik jeitsi eta Kolasako Plazatxora eraman zuten. Bertan su, petardo eta zortzikoaren dantzarekin amaiera eman zieten aurtengo ihauteriarei.
HIGUICO SARIAK 2018
Banakako mozorrorik onena
Javier Esquíroz eta Imanol Moso, “Jesusen Bihotza”.
Koadrila mozorrorik onena
Lehenengo saria
Estralurtarrez mozorrotutako koadrila haien nabearekin
Accésit ( 2 )
1- Ehizatutako animalien buruez mozorratutako koadrila.
2- Polizia Munizipala eta Top Mantaz mozorratutako koadrila.
Landa Ihauteriko mozorrorik onena
Txistulari taldea, danbor banda mozorroarengatik eta egitarau osoan zehar izan duten parte hartzeagatik.
Tabernarik onena
Pub Gabalzeka, “Salvar al soldado Samba” eta Pub Informal, “Hollywood”.