Joan den irailean, Udalak lehiaketara atera zuen Madre Nicol kaleko haur-parkea hornitzeko eta instalatzeko lizitazioa, oraingoa nahiko hondatuta baitago. Nahiz eta oinarrizko aurrekontua 40.000 €-tik gorakoa izan, azken obra Sumaliun S.L.ri esleitu zaio 30.981 €-tan. Ondorioz, dauden jolasak ezabatu eta atrakzio berriak instalatuko dira.
Inguru horretan haur asko jolasten denez, Udalak beharrezkotzat jo zuen parkea berritzea, kalitate eta segurtasun handiagoko gune bat eskainiz, lekua haurren eta familien topagune polita izan dadin. Gunea, gainera, Hiriko Bolondresak taldeak apaindu zuen lehen, elementu eskultorikoekin eta zuhaitz-landaketa batekin, Berdesia elkartearen laguntzarekin.