Irailaren 28an ospatuko den kontzertuan lehen mailako taldeek parte hartuko dute dirurik eskatu gabe.
Datorren irailaren 28an 20:30ean elkartasun kontzertu bat ospatuko da Tafallan, pasa den uztailaren 8an izan ziren uholdeek eragindako kalteak leuntzeko helburuarekin. Kartelak zer esana emango du: Iseo & Dodosound with the Mousehunters, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Skabidean & The Black Birds eta Aizkorak Zorroztu & Mia Wallace Band. Ikuskizuna Kulturgunearen ondoan ospatuko da, eta bai parte hartzen duten taldeek zein antolakuntza lanak egingo dituzten pertsonek bolondres bezala lan egingo dute, lortutako etekinak handitzeko asmoarekin. Ekimenaren helburua, uholdeek sortutako pisu ekonomikoa arintzeaz gain, normaltasuna eta baikortasuna helaraztea da. Auzolanaren Lagunak izeneko batzar herrikoia, zein Tafallako hiru peñak (Aguazón, Cierzo eta Empuje) dira ikuskizunaren antolatzaileak. Gainera, Cadena Ser Tafalla, Diario de Noticias, Diario de Navarra, Gara – Naiz, La Voz de la Merindad eta Gurutze Gorriaren laguntza izango dute.
Sarrerak 12 eurotan salduko dira aurretik eta 15 euro balioko dute bertan. Ondorengo lekuetan erosi daitezke: Lezea (Altsasu); 2 Caballos (Zangoza); Garazi, Txoko eta Elkar Comedias (Iruña); Berri (Lizarra); Akelarre (Azkoien); El Gaitero (Tutera); eta Txalupa, Pasadizo, Txiki eta Intxauspe Kioskoan(Tafalla).
Autobus zerbitzu berezi bat egongo da La Tafallesa enpresaren eskutik. Honen inguruko informazio gehiago jasotzeko 948700199 zenbakira deitu daiteke astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00ak arte. Bestalde, ekitaldiaren edo beharrezkoak izango diren bolondres txanden inguruko informazio gehiago jasotzeko Amigos del Auzolan – Auzolanaren Lagunak Facebookeko orrian informazioa argitaratuko da egun hauetan zehar.