Bilboko “Gaylesbitrans” Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak bere 16. edizioa ospatzen du aurten eta bere saioetako bat Tafallan ospatuko da. Ostiral honetan izango da, martxoak 22, eta bertan jaialdiaren lau film labur proiektatuko dira, ondorengo zineforum batekin.

Beste urte batez Kattalingorri elkarteak Nafarroako hainbat udalekin batera jaialdiaren “Hedadurak” antolatu ditu. Jaialdia hedadura egitarau honen bidez Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako udalerri ezberdinetara zabaltzen da. Iruña eta Tuterako Udalek hirugarren aldiz parte hartzen dute bertan, Tafalla eta Antsoaingo Udalak ordea, aurten batu dira ekimenera. Antolatzaileen hitzetan, geroz eta udalerri gehiagok hartzen dute ekimen mota hauen bidez dibertsitateari buruz sentsibilizatzeko erabakia.

“Lumaz harro”
Aurten jaialdian eta bere hedaduretan nabarmendu nahi dena zera da, “norberak nahi duen moduan eta lekuan, izan nahi duena aukeratzeko boterea”. Kartelean azaltzen den irudia Katie Orlinsky argazkilariak New Yorker aldizkarirako erreportai batean erabili zuena da. Bertan Cassandro mexikar borrokalaria azaltzen da: hirutan munduko txapelduna bere kategorian eta bere sexu-joera azaleratu zuen lehenetariko bat borroka libre mexikarraren mundo maskulinizatu eta matxistan.
Irudi boteretsu honen bidez beste pertsonen aurrean garen bezala azaltzeko beldurrik ez izatearen beharra ikustarazi nahi da. Zinegoak jaialdiaren edizio honetan luma duintasunez erakustearen errebindikazioa egiten da, gure generoa konbentzionalismoetatik at beldurrik gabe erakustera animatuz.
INFORMAZIO GEHIAGO